2019-20 ikasturtea bukatu dugu !!
Gertatutako guztiaren ondoren, ikasturtea bukatzea lortu dugu, nekatuta baina pozik (ah eta osasun onean!).
Itxialdiak iraun zuen bitartean, ikasgaiak on-line eman genituen, edo ahalegindu ginen behintzat. Atal teorikoak lantzeak ez du zailtasun handirik, baina ez da erreza erreminta eta teknika batzuen erabilera kamera baten bitartez erakustea (bestela galde iezaiezu lehenengo mailako ikasleei). Izan ere ikasle guztiek egin dute esfortzu handi bat ikasten eta lanean jarraitzeko honelako egoera batean.
Maiatza bukaerarako eskolan bueltan geunden lanean, osasun baldintza zorrotz batzuk beteaz. Gure ikasketetarako ez dira oso praktikoak, ezin zaio zerrautsari putz egin musukoa jarrita, lanabes komunitarioak garbitu beharra erabiltzen den bakoitzean, gainazal asko ukitu eta garbitu behar… baina hala ere moldatu gara.
Lan egitea oso deserosoa izan den arren harrigarria da edozein egoeratara ohitzeko gizakiaren gaitasuna.
Itxialdiaren ondorengo lanera buelta honetan, BELEko irakasle taldeak ikasturtea luzatzea erabaki zuen eta honek ahalbideratu zuen Sarrera Frogak egitea, azken urteko ikasleek Ikasketa Proiektu Finala burutzea eta gainerakoek bakoitzak bere maila bukatzea.
Bidean geratu dira Gabor Draskóczy rekin ikastaroa (datorren urtean egiteko asmoarekin), BELEko Instrumentuen Mailegu Programa eta urte bukaerako egiten den kontzertua, ikasleen biolin, biola eta txeloekin.
Lau aste barru berriro bueltatuko gara, gerta litezkeen osasun egoerei aurre egiteko prest. Bitartean gogoratu, musukoa jarri eta eskuak sarri garbitu !!!
2019-20 Ikasketa Amaiera Proiektuko ikasleak